Itzuli

Geroa Bairen ebazpen bat onetsi da, Diputatuen Kongresua premiatzen duena Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoa alda dezan, tokiko hautesle-elkarteen eta alderdi txikien beharrizanen arabera

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, PSNen abstentzioarekin eta Voxen aurkako botoarekin, zeinaren bidez Diputatuen Kongresua premiatzen baita “ekin diezaion Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa aldatzeko Foru Legebiltzar honek behin eta berriz egin dituen eskaerei erantzuteko lanari, hautesle-taldeen eta tokiko alderdi txikien benetako beharretara egokitutako gastu-mugak eta zehapen-araubide proportzionala jasoz”.

     

    Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak legegintza-bidez edo adierazpen-bidez Foru Legegileak abiarazitako ekimenei balioa ematen die, izan ere, “hauteskunde gastu-muga eskasak (biztanleko 0,11 euro) eta zehapen-araubide zorrotzegiak (50.000 euro %10ean gainditzen bada) parte-hartzea desaktibatzen duelako eta toki-erakundeen interesen kudeaketari kalte egiten diolako".

     

    Konstituzio Auzitegiak berak berretsi berri du hori; izan ere, agindu horiek baliogabetzat jotzearekin batera, bere egin du Kontu Auzitegiaren interpretazioa, tokiko hauteskundeen kontabilitateak fiskalizatzeko egin dituen azken txostenetan argi utzi baitu "aplikatu beharreko gehieneko gastu-muga ez dela nahikoa hauteskunde-kanpaina bat garatzeko".

     

    Hori da, hain zuzen ere, sektore publikoa fiskalizatzeaz eta kontabilitate-erantzukizuna epaitzeaz arduratzen den organoak Gorte Nagusiei Alderdien Finantzaketari buruzko Lege Organikoa aldatzeko eskatu izanaren arrazoia, eta orain, hauteskunde-gastuen mugak gainditzeagatik ezarritako gutxieneko zehapenak (5.000, 25.000 eta 50.000 eurokoak) Konstituzioaren kontrakotzat jo ondoren, nahitaezkoa da.

     

    Proposamena egin duenak gogorarazi duenez, aurreko hauteskunde-prozesuetako zehapen-espedienteek "bere horretan jarraitzen dute, eta, beraz, tokiko talde eta alderdi askoren lana oztopatzen jarraitzen dute, horietako batzuek azken hauteskundeetan ez parte hartzea erabaki baitzuten".

     

    Arazo hori konpontzearen mende dago "udalerri askotako herritarrek demokratikoki parte hartzeko eskubide osoa berreskuratzea".

    Izena eman gure buletina jasotzeko